XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zuraide Urrezko apez ezteiak

Zuraide! Lapurdiko herri pullitenetarik bat... Azken 20 urte hautan, ez ahal da bertze bat, hain berean, hori bezenbat emendatu eta aberastu denik jendez, bidez eta etxe ederrez.

Denbora laburrik barne, hala nola onjoak sasoinean, horko lurretan jalgi dire asko obra berri: pizina, trinket eta ezker pareta, teniz plaza eta kanpotiarrentzat gaitzeko bakantzetako egoitza.

Denboran auzoko herri nausiak goratik behatzen baitzakon, nago orai ez ote denez hortaz jelostua...

Dena den, duela bi aste, herri guzia bozkario handian zen.

Zer zen bada? Herriko seme batek, Emile Insausti apezak, bere urrezko ezteiak ospatzen zituen.

Egia erran, hilabete bat lehenago, Miarritzen egina ginakon merexi zuen omenaldia.

Bainan, nola familia batek edo herri batek seme baten emaitea elizari, fedearen seinale baita, nahi izan du zuraidarrek parte har zezaten bere bihotzeko pestan.

Herritarrek konprenitu dute segurki zer xede zuen eta jende andana ederra bildu da elizan meza nausiko.

Koro eder batek denak akulatzen zituela, izan da kantu eta xaramela beharri eta bihotzen miresgarri.

Pedeiku hunkigarri batean eta pil pila doi batekin, Emile maiteak eskerrak bihurtu ditu Jainko onari, dohain guzien iturburu dena, bere familia ohoragarriari eta zuraidar guzier, baitaki denek, gisa bat edo bertze, lagundu dutela apeztasunerat heltzen eta orai artio hortan irauten.

Akabatzean dei sarkor bat adiarazi du bokazionen fagoretan, ez dadin izan Zuraidek eman azken apeza.

Den bezalakoa, umil eta ixila, ez du deus aipatu 50 urtez egin duen bideaz Alta Etxenikatik eta Miarritzeraino, zer saila ez du ereman! Zuraidar guziek gogoan zuketen, aldarean ikustearekin eta zoin pixkor! Bere denboran ez du haro handirik ibili, boz azkarra izana gatik.

Bere karguko urratsak xuxen joan ditu hala nola orena erloiko orratzek.

3 posta egin ditu bere bizian, lan handirik eman gabe bere aintzindarier, aldi bakotx baietz erranez hoien galderi.

Apeztu-ta, 13 urte egon da Miarritzen, Louis de Gonzague deitu eskoletxean.

Gero Pausun erretor gisa behar zituen higatu bere urterik hoberenak: 31. Pausuarrek ez dute ahantzia.

Hoinbertze urte egonez geroz artzain gisa denek ezagutzen eta maite zuten.

Erretretako adinean han harat heldua ohartu da, indarrak ttipituz ari-ta, gazteago bati behar zuela bere kargua utzi.

Egia handia! Apez bat xahartzen ari delarik, nahitez artaldeak ere bide bera hartzen du.

Bego orduan gazte bati segida... Arimen onak ez du bertzerik galdatzen.

Xede hortan zitaken Insausti jaun ertora, Miarritzen hil zelarik, xahar etxe batean, horko omoniera, Legrand apez famatua.

Etzitaken hobeki eror... Galdegin zakotenean hea jin gogo zuenez berriz Miarritzerat, laster baietz erran zuela... Eta horra orai 6 urte gutartean dela.

Haste hartan izan zen osagarrian guti aski hunkia.

Alainan, arbola bat ere, lurrez aldatzean, doi bat zimeltzen da, erroek untsa hartu arte.

Geroztik gaina hartua du.

Etxeko serora eta xaharrek ez dutela saltzekoa...! Denekilakoa egiten du... Adixkide, kasik herritar maitea, jo aintzina oraino 10 bat urtez, harri biziko ezteiak artio... Jainko onak nahi balinbadu.

A.B.